XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
- Kakaume hauek!- entzun genion Anttoni, eta ondoren han ikusi genuen, atean guri begira eta nahiko haserre.
- Nor izan da?- galdetu zigun bapatean.
Guk ordea ez genuen tutik esaten.
Erabat harriturik geunden oraindik eta ez ginen gertatutakoaz konturatzen.
Han, gure aurrean, kristal mordo bat eta baloia denda barruan ikusten genituen; alboan, atean, Antton zaharra amorru bizian begietatik sua zeriola.
- Nahi gabe izan da, jauna - erantzun zuen Arkaitzek.
Nahi gabe ala apropos izan den bost axola niri; kristala konpondu behar dut eta puskatu duenak ordaindu beharko du.
- Nor izan da?- galdetu zuen berriro.
- Ni ez - irten zitzaidan bapatean.
- Gezurra da, bera izan da, jauna - esan zuen orduan Arkaitzek, ongi baino hobeto ikusten bait zuen bestela berak ordaindu beharko zuela kristala... eta baita etxean jipoi ederra jaso ere.
- Isilik!- oihukatu zuen Antton zaharrak -. Nik ongi dakit nork hautsi didan kristala eta nahi gabe egin duela; baina inola ere ezin dut gezurrik jasan.
Guk biok isil-isilik entzuten genion, eta ni harritu samarturik nengoen; niri begiratzen bait zidan Anttonek.
Bere begi distiratsuak gorri-gorri jartzen hasi zitzaizkion.